Llanesko kontzejuak kapitulu oso bat merezi luke, ia berrogei hondartza ditu eta. Guadamia, Villanueva edo Cuevas del Mar eta San Antonio dira kontzejuko hondartza nagusiak. Jende asko joaten da haietara. La Huelga edo San Antolin hareatza handian ere jende asko biltzen da. Errepidea San Antolin hondartzaren albotik igarotzen da. Hondartza horiek guztiak harea finekoak eta laburrak dira eta zerbitzu onak dituzte. Torimbia hondartza Llanesko itsasertzeko politena da, eta nudista da aspalditxotik. Celorio aldean aipagarriak dira Barrokoa, Borizu edo La Palombina eta Las Camaras. Jende asko biltzen dute. Hondartza urbanoak dira; gaur egun masifikatu samarturik daude, baina oso ederrak dira denak, harea fin eta zurikoak, Llanesko gainerako guztiak bezalaxe.

Besteak bezain ezaguna ez bada ere, San Martin hondartza ere eder-ederra da. Azkenik, aipatzekoak dira Pookoa eta Llanes herrikoak: El Sablon (hondartza nagusia, maskor-formakoa) Puerto Chico eta Toro (formazio karstikoen hondakin diren arrokaz josia). Dena dela, badira beste hondartza eder batzuk ere, hala nola Cue, La Ballota eta Andrin (La Borizako begiratokiaren alde banatan daude), eta Vidiagokoa. Ribadedevako kontzejuan (Kantabriako mugan) aipatzekoa da La Franca hondartza. Jende asko joaten da hondartza horretara eta denetariko zerbitzuak ditu: hotela eta bi kanpin, besteak beste. Itsasbeheran El Oso deritzon kala txiki batera joan ahal da La Francatik.