Zalantzarik gabe, Asturiasko ekialdea inguru horretako alderdirik ederrena eta bereziena da, itsasbazterra Picos de Europako mendi garaietatik oso hurbil dagoelako. Izan ere, mendi horietako batzuk 2.500 metro garai dira, eta itsasotik kilometro gutxira daude. Baina, horrez gain, ekialdeko haranek askotariko paisaiak dituzte, eta harizti, gaztainadi zein pagadi autokotono zabalez josirik daude. Hori dela eta, aukera paregabea dago mendira igotzeko, mendi-bideetan ibiltzeko zein harea fineko hondartzetan atseden hartzeko. Denetariko hondartzak daude, kala ezkutuetatik hasi eta hareatza zabal eta urbanizatuetaraino.
Picos de Europako mendiak dira naturak inguru horretan duen gauzarik erakargarriena. Parke Nazionala, Enolgo eta Ercinako aintzirak, Covandogako basilika eta basilikaren inguru guztia dira turismo-leku nagusiak. Covadongako Parke Nazionala Espainian sortu zen lehen natur gune babestua da, eta Picos de Europako mendebaldeko mendigunea hartzen du bere eremuan. Mendigune horretako tontor batzuk 2.400 metrotik gorakoak dira. Paisaia menditsua da, errekak, urmaelak eta iturriak ditu nonahi, eta fauna autoktonoaren hainbat espezie bizi dira bertan, hala nola basoilarra, azeria, otsoa, igaraba, orkatza eta sarrioa.
Orobat aipagarria da Cares ibaiaren arroila, non Cares ibaiko urek igarobide meharra urratzen baitute mendian. Arroila ibilbide zoragarria da mendi-bideetan ibiltzea gogoko dutenentzat. Poo de Cabrales eta Camarmeña herrietatik edertoikusten dira Picos de Europako mendiak eta, bereziki, horko gailurrik mitikoena (Picu Urrielu edo Naranjo de Bulnes). Ikuspegi zoragarria dago. Sella eta Ponga ibaiak inguru horretako ur-baliabide nagusietako bi dira. Barrualdean (Amieva eta Ponga herrietan) aipagarriak dira bi ibai horiek mendian behera urratzen dituzten haitzarte ederrak eta haien ertzetan hedatzen diren ibar politak.
Barrualdeko mendilerroak ere zoragarri ederrak dira, bai Cuerakoa eta bai, batez ere, Suevekoa (Piloña). Gainera, Suevekoak erreferentzia mitiko bat du oraindik: asturcón arrazako zaldi asturiarrak. Zaldi horiek erromatarrek goraipatutako poney arraza berezi bat dira, eta mendilerroko belardietan bazkatzen dira oraindik. Eta ezin dugu ahaztu Peloñoko baso ederra, Pongan. Penintsulako iparraldeko pagadirik ikusgarrienetako bat da.