Asturiasko ekialdeak oso ondare oparoa du, historiako garai guztietan gizakiak utzitako aztarnak daude nonahi. Izugarri ugariak direnez, monumenturik enblematikoenak soilik aipatuko ditugu.
Ribadesellan plaza zaharra eta kale nagusia bisitatuko ditugu. XVII. eta XVIII. mendeetako eraikin ederrak dituzte biek.
Sella ibaiaren gaineko zubiaren beste aldean, bide batek Tito Bustillo haitzulo ikusgarrira darama. Zaldien, oreinen eta beste animalia batzuen siluetak dauzka hormetan margoturik. Espainiako haitzuloetako artearen erakusgarri nagusietako bat da.
Ribadesellatik 3 km-ra edertasun handiko haitzulo bat dago: Moriakoa.Cangas de Onis Asturiasko lehen errege-erreginen bizilekua izan zen, VIII. mendean. Aipagarria da Gurutze Santuaren ermita, Brontze Aroko trikuharri baten gainean eraikia. Pelaiok Covadongako guduan aldean zeraman gurutzeari zor dio izena.
Cangastik 2 km iparraldera Villanueva herria dago, eta San Pedroren monasterioa aurkituko duzue han. Alfontso I.ak fundatu zuen, 746an.
3 km ekialdera, berriz, Carces herria dago, eta herritik hurbil-hurbil Buxuko haitzuloa (Goi Paleolitikoko margoak).Eta 12 km hego-ekialdera Covadongako santutegia dago. Ikusi beharrekoak dira Pelaioren hilobia eta Santinaren irudia gordetzen dituen kobazulo ospetsua. Diotenez, birjina horri esker irabazi zuen Pelaio erregeak arabiarren aurkako gudua.
Llanesen auzo zaharrean eta portuan barrena ibiliko gara. Aztarna historiko eta artistiko ugari daude batean zein bestean: harresiak, Erdi Aroko dorrea (monumentu nazionala), Conceyuko Andre Mariaren eliza, Cercáuko etxea (XVI. mendekoa, estilo errenazentistakoa), Estradako dukeen jauregia eta Posada Herreraren etxea.
Llanes herritik hurbil San Antolinen eliza erromanikoa eta santu horren monasterioa daude. Monasterioa XI. mendean hasi ziren eraikitzen.8 km-ra, Vidiago herrian, monumentu megalitiko bat dago: Peña Tu-ko idoloa. Eta 30 km inguru mendebaldera, Pimiango herrian, Pindalgo haitzuloa, amildegi baten ertzean. Haitzulo horrek historiaurreko margolanak eta grabatuak ditu. Gainera, inguru horretan Tinako monasterioaren hondakinak daude. XII. mendean fundatu zuten monasterio hori.
Pimiangotik hurbil Colombres herria dago. Merezi du haraino joatea Indietako Artxiboa ikustera. Artxiboa aterpetzen duen etxea Asturiasko ekialdeko alderdi horretan hain ugaria den Indietako arkitekturaren erakusgarri bikaina da.