Asturiasko ekialdean tradizio handiko jaki bereziak daude, Asturiasko beste lekuetakoez oso bestelakoak. Hauek dira horko jakirik tipikoenetako batzuk: emberzaoak edo probeak (txerri-odolez, arto-irinez eta tipulaz eginiko hestebeteak, aza-hostoetan bilduak eta egosiak), boronchoak (arto-irina edo boroña, txorizoa eta urdaia) eta tortoak (arti-irinezko opilak, urez oratuak eta frijituak). Tortoak bazkarian jaten dira, txorizoarekin eta arrautzekin, edo gosarian, esnetan bustitzeko. Fabada con pantruque delakoa Llanes aldeko jaki berezi bat da. Pantruquea arrautzaz eta arto-irinez egiten den opil moduko bat da. Asturiasko alderdi horretan guztian ehiza larri zein xeheko okela, txerria eta pitu de caleya jaten da, baina batez ere arrainak: xáragua (txopa) eta bestelako arroka-arrainak, lupia, pixína (zapoa), legatza, erreboiloa, hegaluzea, amuarraina, izokina eta itsas aingira. Arrain horiek guztiak "txapan", caldereta erara zein sagardotan prestatzen dituzte.
![]()
Nolanahi ere, oroz gain, Kantauriko mariskoa aipatu beharra dago: txangurru paregabea, ñocla (buia), bugre edo llocántarua (abakandoa), llagosta (otarraina), andarica (nekora), izkirak eta lanpernak.
Azkenburuko tradizionalak Asturiasko erdialdeko eta mendebaldekoen antzekoak dira (arroz-esena, casadielles eta abar), baina hemen urra eta gaztaina dira jaun eta jabe. Askotariko azkenburukoak prestatzen dituzte fruitu lehor horiekin. Eta, azkenik, ekialdean aurkituko ditugu Asturias osoko gaztarik ospetsuenak eta onenak. Aipatzekoak dira Beyoskoa (Pongan eta Amievan egiten dute, ahuntz-, ardi- eta behi-esnez), Monje deritzona (zapore suabekoa, ez oso gazia eta gantzatsua), Peñamellerakoa (heldua, samurra, hiru esne-motaz egina, Beyoskoa bezala), Porrua izenekoa (ez oso heldua, suabea eta krematsua), Priakoa (ketua eta erdigogorra), Vidiagokoa (suabea eta krematsua, elastikoa eta adreilu-formakoa), Gamonedokoa (zainduna, lehorra eta ketua, usain bizikoa eta zapore minekoa, hiru esne-motaz egina eta balio handikoa) eta Cabrales ospetsua (zapore sendo eta minekoa, gantzatsua aho-sabaian). Dena dela, eskuz eginiko beste gazta tradizional asko ere badira, hala nola La Chivitakoa, Peña Tu-koa eta Canal de Ciercoskoa.![]()